2022(e)ko urriaren 6(a), osteguna

Pitagorikoen elkarte sekretua

Pitagoras, K.a. VI. mendean Greziako Samos irlan jaiotako matematikari, filosofo eta profeta izan zen, erlijio-sinesmenak ere zabaltzen zituelako. Egiptora, Babiloniara eta Indiara bidaiatu zuen, eta bidaia luze horietan matematika eta astronomia ezagutzez gain, erlijio-jakintza handia bereganatu zuen.  Mundu greziarrera itzuli zenean Krotona izeneko hirian finkatu zen (gaur egungo Italian), eta han elkarte sekretu bat sortu zuen, oinarri matematiko eta filosofiko zabalarekin. Pitagorasek sortutako sekta antzeko horretan, ezagutzak eta jabetzak komunitate barruan mantentzen ziren, dena denena zen eta, beraz, egindako aurkikuntzak ez ziren zehazki kide batenak, guztienak baizik. Horregatik, aurkikuntza matematiko bat Pitagorasena dela esan ordez, pitagorikoek lortutakoa dela esatea egokiagoa da.

Pitagorikoak. Eguzki berriari himnoa F. Bronnikov-en margolana. Wikipedia

Pitagorikoek oso jokabide-arau zorrotzak zituzten. Sektako kideei erregimen begetariano zorrotza ezartzen zitzaien, dirudienez beraien ustez pertsonak hil ondoren haien arimak beste animalia batzuengan berraragitzen zirelako eta, ondorioz, hildako lagun baten arimaren bizileku berria izan zitekeen beldurrez, ez zen animaliarik sakrifikatu behar. Hortaz, debekatuta zeukaten haragia edo arraina jatea.

Arimaren irudikapena. Bioguia

Zaila da benetan gizon honi dagokion guztian historia eta kondaira den bereiztea, herriko jendearentzat filosofo, astronomo, matematikari, santu, profeta, azti... hainbeste gauza desberdin zelako. Hala ere, bere garaiko historian eragin handiena izan zuen pertsonetako bat izan zela ezin da ukatu, bere jarraitzaileek (engainatuta edo inspiratuta) bere sinesmenak zabaldu zituztelako greziar munduaren zatirik handienean.

Arima beste norbaitengan agertzea, arau zorrotz eta erritoen bidez lortzen zen, baina filosofia eta matematika ere funtsezko atalak ziren, eta matematikak ez du inoiz jokatu bizitzan pitagorikoen artean bezain paper garrantzitsurik. Badirudi filosofia (jakinduriarekiko maitasuna) eta matematika (ikasten dena) hitzak Pitagorasek bere jarduera intelektualak deskribatzeko sortuak direla. Kontutan hartu behar dugu bi jakintza mota ezberdin zabaltzen zituela: bata eskolako kideen artean eta bestea herriko jendearengan.

Bestalde, pitagorikoentzat zenbaki bakoitzak ezaugarri bereziak zituen, baina guztietan sakratuena hamar zenbakia edo tetractis-a zen, unibertsoaren zenbakia adierazten zuelako. Puntu bakarra dimentsioak sortzen ditu, bi puntuk zuzen bat zehazten dute (dimentsio 1), lerrokatu gabeko hiru puntuk triangelu bat zehazten dute (2 dimentsio), eta plano berekoak ez diren lau puntuk tetraedro bat zehazten dute (3 dimentsia); beraz, zenbaki horien baturak dimentsio guztiak adierazten ditu: 1 + 2 + 3 + 4 = 10.
 
Zenbaki triangeluar batzuk. Site de curiosidades


Eskola pitagorikoaren leloa hauxe zen: "dena zenbakia da". Beraientzat, ezagutu daitezkeen gauza guztiek zenbakia dute, nola edo hala. Historiaren arabera, musikan Pitagorasek zioen bibratzen duen soka bat zenbaki osoen arteko proportzioan zapalduz gero, soinu armoniosoak entzungo zirela. Adibidez: 
- Soka 2:3 proportzioan zapalduta, bostena joko du (oinarria Do baldin bada, Sol entzungo da).- Soka 3:4 proportzioan zapalduta, laugarrena joko du (oinarria Do baldin bada, Fa entzungo da).   Antzinako pitagorikoek hain irudimen ausarta erakutsi zuten, berehala zabaldu zituztela beren emaitzak, eta zeruko gorputzek ere soinu harmoniotsuak igortzen zituztela ondorioztatu zuten. Berriz ere, pentsamendu zorrotzaren eta espekulazio fantastikoaren nahasketa bitxia zen. Argi dago irudimena ez zitzaiela falta!

Esferen musika. Cultura científica
 
Informazio iturria: Carl Boyer-en Historia de la matemática.