2021(e)ko urtarrilaren 30(a), larunbata

Gizonez jantzi behar izaten zuen emakumea (Émilie du Châtelet)

Émilie du Châtelet 1706. urtean Frantzian jaio zen (Luis XIV.a errege zen garaian), noblezia giro batean, beraz IA ez zitzaion ezer falta. Garai hartan, bakarrik mutilei ematen zitzaien ikasteko aukera; aldiz, neskek 7 urte betetzen zituztenean komentura bidaltzen zituzten, "neskek jakin beharreko gauzak ikastera": dantza, kantua, josteko teknikak eta kristu-ezagutzak; horrela, prest egongo ziren ezkontzeko eta seme-alabak edukitzeko, hori baitzen emakumeen eginkizuna munduan.

Eskerrak bere aita beste era batekoa zela! Berari esker, Émilie-k ikasteko aukera izan zuen, eta beste jarduera batzuk egiteko ere: kirola, zaldian ibiltzea, esgrima edota ehiza egitea.

Émilie du Châtelet (wikipedia)

Émilie oso azkarra zen, eta 12 urte zituenean dagoeneko hizkuntz ugari menperatzen zituen: frantsesa, gaztelania, alemaniera, italiera, ingelesa, eta nola ez latina eta grekera. Matematiketan ere bikaina zen. Irakurtzea izugarri gustatzen zitzaion eta berehala bukatu zuen bere etxeko liburutegi osoa irakurtzeaz. Ez pentsa liburu gutxi zeuzkanik!

Bakarrik 19 urte zituenean, bere gurasoek Châtelet Markes-arekin ezkondu zuten (horregatik bere abizena) eta berarekin bi seme-alaba izan zituen. Izaera handiko emakumea zen, eta garai hartan gizon jakintsuak kafetegian ezagutzak partekatzera elkartzen zirenean, emakumeek ez zeukaten halako aukerarik; bera, halere, noizean behin gizonez jantzi eta kafe haietako batzuetara hurbiltzen zen, hitz egiten zenaren berri izateko.

Aurrerago, Voltaire filosofoarekin elkartu eta beste alaba bat izan zuten, baina 42 urterekin geratu zen haurdun, eta garai hartan emakumeek ez zeuzkaten gaurko erraztasunak; alaba jaio bezain laister, Émilie-k erditze ondorengo sukarra hartu eta biak hil egin ziren: ama eta alaba.

Bere bizitza alde batera utzita, Émilie-k egindako lan garrantzitsuena hauxe izan zen: Newton-en Principia liburuak latinetik frantsesera itzultzea. Gazteei fisika frantsesez irakasteko libururik ez zegoen, eta berak uste zuen mundua ulertzeko fisika jakitea ezinbestekoa zela. Eta ez pentsa liburu horiek itzultzea lan erraza izan zenik! Matematiketan bikaina zen pertsona bat behar zen lan horretarako, formulaz eta irudiz betetako testu luzea eta zaila baitzen.

Itzulpen hori ez zen bere lan bakarra izan, baina bai ezagunena. Horrez gain, suaren inguruko ikerketa batzuk ere argitaratu zituen.

Informazio gehiago lortu nahi baduzu, ez utzi Joaquín Navarroren Mujeres matemáticas liburua irakurtzeari.


Hipatiaren erahilketa

Matematikarien izen gutxi ezagutzen baditugu, emakume matematikarien izenak topatzea are zailagoa da. Dena den, halako pertsonaien artean ezagunena Hipatia izango dugu, ziurrenik.

Hipatia (wikipedia)

Hipatia ezagutzeko, denboraren makina hartu eta Grezia Klasikoko garaiaren amaieran kokatuko gara (370 eta 415. urteen inguruan). Denboraldi horretan, Atenas-ko hirian, garaiko jakintsu guztiak eskola garrantzitsu batean biltzen ziren: Atenas-ko eskola. Beheko koadroan ikus dezakezun bezala, bertako pertsonaia nagusietako batzuk irudikatuta daude: Platon, Aristoteles, Pitagoras, Sokrates... baina, ikusten al duzu emakumerik?

rafael
Atenas-ko eskola. Rafael margolariarena

 Ezkerreko aldean, publikoari begira egongo balitz bezala, Hipatia irudikatuta agertzen da. Zaila da zehaztasunez jakitea zein izan zen Hipatiaren ekarpena (garaiko dokumentuak askotan galdu edo erre egin zirelako), baina jakin badakiguna da oso irakasle eta hizlari ona zela, eta matematiketan bikaina zela. Bere aitarekin batera (Teon Alexandriakoa), beste matematikari jakintsu batzuen obretan komentarioak egin zituen, ezagutza horiek zabalduz: adibidez, Ptolomeoren Almagesto, Apolonioren Konikak edo Diofantoren Aritmetika (azken hau ekuazioen inguruko lan garrantzitsu bat da).


https://euclides59.files.wordpress.com/2012/08/astrohl.jpg?w=736
Astrolabioa
Baina...zer dira hitz arraro horiek? Zertaz hitz egiten zuten lan horiek? Laburbilduta, Ptolomeoren lanak astronomiaz hitz egiten du (izarren konstelazioak, Eguzkia eta Lurrearen arteko posizioa, planeten mugimenduak...hori guztia ezaguna egingo zaizue, ezta?). Garai hartako matematikariek normalean ere astronomiaz bazekiten. Are gehiago: Hipatiak astrolabio izeneko tresna baten hobekuntzak egitea lortu zuen, izarren posizioa aztertzeko balio zuen tresna.


Astronomiarekin lotuta, Hipatiak ere konika izeneko kontzeptu matematiko batzuen inguruan ikertu zuen. Ezagunak dituzue elipsea edo zirkunferentzia izeneko forma geometrikoak? Seguraski baietz.

Konikak (sites Angel Ortega egokitua)


Hala eta guztiz ere, Hipatiaren bizitzan momenturik esanguratsuena bere heriotza izan zen. Zirilo apezpikuak ez zuen onartu emakume bat filosofian edota matematikan aritzea, eta kasu honetan ere Hipatia kristaua ez zenez, hori onartezina izango zen. Hori dela eta, berarekiko gorroto giroa sortu zuen eta horren eraginez, kristau batzuek oso modu bortitzean erail zuten emakumea: "gurditik atera zuten; biluzik utzi; azala eta haragiak ebaki zizkioten, harik eta arnasak bere gorputza utzi arte; ondoren bere gorputza zatikatu eta erre egin zuten". Jakin dezazula gainera bere hiltzaileek ez zutela inongo zigorrik jaso. 

Ondoko esaldia Hipatiarena ote den ez dakigu ziur, baina momentu honetan bere tokia merezi du: 

Gehiago jakin nahi baduzu, non aurkitu dezakezu informazio gehiago? Joaquin Navarroren Mujeres matemáticas liburuan, blog honetan Emakumeen oztopo-lasterketa matematikan. edota Alejandro Amenabarren Agora pelikulan.