2013(e)ko urriaren 13(a), igandea

Grezian bazaude, esandako guztia demostratu beharko duzu

Matematika zientzia bihurtu zen historiako garaia da Grezia Klasikoa. Zeintzuk dira matematika honen ezaugarriak? Aurretik Egipton eta Mesopotamian zeuden ezagutzak beti kasu partikularretan aplikatuak ziren, baina garai honetan matematikaren emaitzak orokorrak izango ziren (pentsa zein orokorrak diren, gaur egun ere balio dutela emaitza gehienek!). Emaitza orokor horiek demostrazioaren tresnaren bitartez lortu zituzten, eta hauxe izan zen, hain zuzen, desberdintasun nabariena aurreko matematikarekin eta historian zehar aurrerapauso ikaragarria.

Non sortu zen hau dena? Hemen ditugu Grezia klasikoko matematikaren hiriburu garrantzitsuenak:

* Urdinez azpimarratutakoak dira matematiken hiri adierazgarrienak.

Espazioan kokatu eta gero, denboran ere kokatu beharra dago matematika. Antzinako Grezian lehendabiziko matematikariak agertu ziren, eta haien matematika hiru garai desberdinetan banatzen dela esan dezakegu:
  • Garai helenikoa (K.a. VI-IV): garai honetan, Egipto eta Mesopotamiako Ekialdeko zibilizazioen eragina eta ezagutzak iritsi ziren Greziara, matematikaren sortzaileen eskutatik gainera: Tales geometrian, Pitagoras aritmetikan, Eratostenes... bi eskola nagusirekin batera Eskola Pitagorikoa eta Atenasko Eskola. Hemengo matematika filosofiari oso lotua egon zen.
  • Garai helenistikoa (K.a. IV- K.o. I): Greziako matematikaren urrezko garaia izan zen hau, bere hiru matematikari handiekin: Euklides, Arkimedes eta Apolonio. Alexandriako eskola sortu zen hemen, oso gune kultural garrantzitsua.
  • Garai greko-erromatarra (K.o. I- Goi Erdi Aroa): matematikari dagokionez, emaitza gutxien eman zuen garaia izan zen hau; hala ere, izen ospetsuak ere egon ziren: Hipatia, Diofanto...

Eskerrik asko: Proyecto Sur, Denis Guedj,

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina