2021(e)ko urtarrilaren 30(a), larunbata

Hipatiaren erahilketa

Matematikarien izen gutxi ezagutzen baditugu, emakume matematikarien izenak topatzea are zailagoa da. Dena den, halako pertsonaien artean ezagunena Hipatia izango dugu, ziurrenik.

Hipatia (wikipedia)

Hipatia ezagutzeko, denboraren makina hartu eta Grezia Klasikoko garaiaren amaieran kokatuko gara (370 eta 415. urteen inguruan). Denboraldi horretan, Atenas-ko hirian, garaiko jakintsu guztiak eskola garrantzitsu batean biltzen ziren: Atenas-ko eskola. Beheko koadroan ikus dezakezun bezala, bertako pertsonaia nagusietako batzuk irudikatuta daude: Platon, Aristoteles, Pitagoras, Sokrates... baina, ikusten al duzu emakumerik?

rafael
Atenas-ko eskola. Rafael margolariarena

 Ezkerreko aldean, publikoari begira egongo balitz bezala, Hipatia irudikatuta agertzen da. Zaila da zehaztasunez jakitea zein izan zen Hipatiaren ekarpena (garaiko dokumentuak askotan galdu edo erre egin zirelako), baina jakin badakiguna da oso irakasle eta hizlari ona zela, eta matematiketan bikaina zela. Bere aitarekin batera (Teon Alexandriakoa), beste matematikari jakintsu batzuen obretan komentarioak egin zituen, ezagutza horiek zabalduz: adibidez, Ptolomeoren Almagesto, Apolonioren Konikak edo Diofantoren Aritmetika (azken hau ekuazioen inguruko lan garrantzitsu bat da).


https://euclides59.files.wordpress.com/2012/08/astrohl.jpg?w=736
Astrolabioa
Baina...zer dira hitz arraro horiek? Zertaz hitz egiten zuten lan horiek? Laburbilduta, Ptolomeoren lanak astronomiaz hitz egiten du (izarren konstelazioak, Eguzkia eta Lurrearen arteko posizioa, planeten mugimenduak...hori guztia ezaguna egingo zaizue, ezta?). Garai hartako matematikariek normalean ere astronomiaz bazekiten. Are gehiago: Hipatiak astrolabio izeneko tresna baten hobekuntzak egitea lortu zuen, izarren posizioa aztertzeko balio zuen tresna.


Astronomiarekin lotuta, Hipatiak ere konika izeneko kontzeptu matematiko batzuen inguruan ikertu zuen. Ezagunak dituzue elipsea edo zirkunferentzia izeneko forma geometrikoak? Seguraski baietz.

Konikak (sites Angel Ortega egokitua)


Hala eta guztiz ere, Hipatiaren bizitzan momenturik esanguratsuena bere heriotza izan zen. Zirilo apezpikuak ez zuen onartu emakume bat filosofian edota matematikan aritzea, eta kasu honetan ere Hipatia kristaua ez zenez, hori onartezina izango zen. Hori dela eta, berarekiko gorroto giroa sortu zuen eta horren eraginez, kristau batzuek oso modu bortitzean erail zuten emakumea: "gurditik atera zuten; biluzik utzi; azala eta haragiak ebaki zizkioten, harik eta arnasak bere gorputza utzi arte; ondoren bere gorputza zatikatu eta erre egin zuten". Jakin dezazula gainera bere hiltzaileek ez zutela inongo zigorrik jaso. 

Ondoko esaldia Hipatiarena ote den ez dakigu ziur, baina momentu honetan bere tokia merezi du: 

Gehiago jakin nahi baduzu, non aurkitu dezakezu informazio gehiago? Joaquin Navarroren Mujeres matemáticas liburuan, blog honetan Emakumeen oztopo-lasterketa matematikan. edota Alejandro Amenabarren Agora pelikulan.

 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina