2021(e)ko otsailaren 6(a), larunbata

Sorgin bihurtu zuten emakumea (Maria Gaetana Agnesi)

Maria Gaetana Agnesi 1718-1799 urte bitartean bizi izan zen emakume italiarra izan zen, Milan hirian jaio eta hil ere. Beste matematikari batzuekin konparatuta, bere bizitza askoz xumeagoa izan zen, baina bitxikeriaz beteta, nola ez!

Maria Agnesi (mujeresconciencia.com)

Bere aitak 21 seme-alaba izan zituen. Bai, bai, ongi irakurri duzu: 21 seme-alaba!!! Denak ez ziren emakume bakarrarenak izan, hirurenak baizik, eta osasun arazoengatik haur guztiek ez zuten bizirauteko aukera izan, baina Maria familia horretako alabarik helduena zenez, imajina dezakezu nori tokatu zitzaion bere anai-arrebak zaintzea.

Oso neska azkarra zen, 9 urterekin zazpi hizkuntz ezberdin menperatzen zituen, eta matematikan ere oso trebea zen. Bere aitari asko gustatzen zitzaion lagunen aurrean bere alabaren jakintzak erakustea, baina Maria oso lotsatia zen eta ez zuen hori egitea gustoko. Dena den, bere garaian Italian ez zegoen gaizki ikusia emakumeek gaitasunak izatea. Eskerrak.

Bere aita hil zenean, Mariak bere familia alde batera utzi eta ikasketa erlijiosoak hasi zituen. Moja bihurtu eta komentu batera bizitzera joan egin zen, hil arte. Dakigunez, bere ondasun guztiak hospiziorako utzi zituen eta bera behartsu hil zen, desiratu zuen moduan.

Mariak matematikan egindako lanik garrantzitsuena berak idatzitako liburua da: Instituzioni analitiche ad uso della gioventù italiana, hau da, gazteendako analisiaren inguruko lana, deribatuak eta integralak primeran azaltzen zituena (batxilergoko ikasleek badakite zer den hau). Bere liburua modernoa, irakurterraza eta gainera irudiz beteta zegoen; garai hartan inrpimatzea ez zen lan erraza, eta irudi horiek lortzeko, inprimatzeko makinak bere etxera eraman zituen. Pentsa!

Irudi horien artean, bere kurbarik ospetsuena agertzen zen, ondoko formula zuena. Ikasle batzuek jakin badakite zein motatako funtzioa izan daitekeen hau, bakarrik beharrezkoa da a parametroari (zirkunferentziaren diametroari) balioak ematea kurba zehatzak lortzeko:

Agnesi-ren kurba (mujeresconciencia.com)

Dena den, istorio honetan badago kuriositate bat. Mariaren liburua oso ospetsua egin zen eta beste hizkuntz batzuetara itzuli zuten, mundu osora iristeko asmoz. Ingelesera itzuli zutenean, itzulpen akats bat egin zuten: Agnesiren kurba (versiera) idatzi ordez, Agnesi sorgina (avversiera) jarri zuten. Orduz geroztik, Mariaari sorgin bat balitz bezala ezagutzen zaio. Ez al zaizu inoiz gertatu, akats txiki batengatik ezaguna izatea, eta ez hartzea kontutan gainontzeko guztia? Ba hauxe izan zen gure protagonistari gertatutakoa.

Sorgina (milenio.com)

 

Informazio gehiago hemen lortu dezakezu: Mujeres matemáticas (Joaquín Navarro)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina