2013(e)ko apirilaren 1(a), astelehena

x hizkia baino lehen, "gauza gehi gauza bi gauza" ziren

Batez ere XV. mendetik aurrera idazkera matematikoa izugarri aurreratu zen, eta horregatik ez balitz, ziurrenik ekuazioen ebazpena (eta orokorrean matematikaren garapena) ez litzateke izango gaur egungoa. Garaiko teoria garrantzitsu asko bertan behera geratu ziren notazio ulergarri eta erraz bat erabiltzen ez zutelako. Imajina dezakezu algebran x ordez, egipziarren aha (mordoa) edo arabiarren gauza erabiliko bagenitu?

Zatikietan, zenbakitzaile eta izendatzailearen arteko lerroa Leonardo Pisako "Fibonaccik" asmatu zuen 1228. urtean, adierazpen horiei numerus ruptus deitzen zielarik.

Eskolan hainbeste biderkadura egin ondoren, institutua hasten dugunean izugarri kostatzen zaigu biderketa puntu soil batekin adieraztea, baina a ze nahastea izango litzateke aljebran biderkatzea, x bai biderketa baita ezezaguna adierazteko erabiliko bagenu! Biderkatzeko puntua J.M. Regiomontano-ri zor diogu, 1464.ean.

Batuketa eta kenketari dagokioenez ere, ez dira beti berdin adierazi. Italian più eta meno hitzen laburdurak erabiltzen zituzten gehiago (p) edo gutxiago (m) adierazteko. Erabilitako lehen ikurrak + eta - izan ziren. Hasieran gehiegikeria eta eskasia adierazteko besterik ez ziren erabiltzen, baina geroago matematikako operadore bezala erabiltzen hasi ziren. J. Widmann matematikari alemaniarraren liburu batean agertu ziren lehendabiziko aldiz 1489. urtean.


Erro karratuaren ikurra 1525.ean agertu zen lehen aldiz, Rudolff alemaniarraren eskutik. Ikurra r hizkiaren luzapen itxuroso bat besterik ez da, latineraz erroa radix esaten zen eta.

Berdin ikurra 1557.ean agertu zen Robert Recorde ingelesari esker; bere liburuan "honen berdina da" hitzak etengabe errepikatu ordez, ikur hau erabiltzea otu zitzaion, ez baitzegoen luzera bereko bi zuzen paralelo baino ezer berdinagorik (kuriosoa, ezta?).  

Baina idazkera matematikoaren munduan izen bat gogoratu behar badugu, François Viète matematikariarena da, berak bildu zituelako 1591.ean ordura arteko sinbolo eta idazkera guztiak, sistema koherente eta erabilgarri bat osatuz.

Hala eta guztiz ere, berak bultzada garrantzitsu bat eman arren, ondoren ere agertu ziren sinbolo berriak egoera matematiko berriei erantzuna emateko. Esaterako, Albert Girard-ek XVII. mendean ondokoak proposatu zituen: errotzaile desberdineko erroak, parentesiak eta infinitoaren sinboloa (batzuek azken hau John Wallisi egokitzen dioten arren). Mende horretan ere, Thomas Harriot-ek desberdintza ikurrak sartu zituen, eta batzuen ustez berreketen idazkera ere; aldiz, beste batzuek Descartes-i egokitzen diote. Matematikari frantses honek proposatu zituen 1637.ean: a, b, c konstanteak edo kantitate ezagunak izango ziren eta x, y, z aldagaiak edo kantitate ezezagunak. Lehenago, aljebran kantitate ezezagunari x deitu ordez, "gauza" esaten zitzaion.

Mende bat geroago, L. Euler izan zen notazioan aurrerapen handiak egin zituena: f(x) funtzioetarako, π eta e zenbakiak adierazteko, sin eta cos arrazoi trigonometrikoentzako, Σ baturarentzat eta i zenbaki konplexuen atal irudikariarentzako.

Eskerrik asko: Anne Rooney.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina